Skip to content

Karlos Osinagari elkarrizketa

2009/01/09

Laster zintzilikatuko ditut Anari-ren eta Lisabö-ren kontzertuetako kronikak, bitartean gaur Berrian Karlos Osinaga Txap!-i eginiko elkarrizketa.

Besarkada denoi:

Joanes Apaolaza

2009-01-09

Karlos Osinaga – Lisabö taldeko kidea

Bi urtez errepidean izan dira, ‘Ezlekuak’ batetik bestera eramanez. Lisabö taldeko kideak «oso pozik» dira esperientziarekin. Atseden hartzeko garaia dela deliberatu dute.

«Nahiago genuen gauzak gaizki

egin, baina geure kabuz egin»

Gorka Erostarbe

Donostia

Lisabö taldeko musikaria (gitarra eta ahotsa, azken sasoian), soinu teknikaria, Bidehuts kolektiboko kidea, eta Euskal Herriko nahiz kanpoko rock esparruan lagun estimatua da Karlos Osinaga irundarra (Gipuzkoa). Zuzenekoetan agertzen duen garraztasuna (tripetatik modu zintzoenean abesten du), goxotasun bilakatzen du gertutik gerturako solasean.

Duela dozena bat egun agurtu zenuten Ezlekuak diskoa, Irungo Tunk aretoan eskainitako kontzertuarekin. Zer sentitu zenuten, poza, nostalgia, indarra..?

Esan duzun hori guztia sentitu genuen. Ziklo bat ixten genuen, eta berezia izan zen. Ziklo baten barruan zaudenean ez zara konturatzen egunero gertatzen denaz. Baina denborarekin konturatuko gara egin ditugun gauzez, bisitatu ditugun lekuez… Eta azken kontzertu horretan, nahiz eta oso zehazki ez jakin, bagenekien denok, zerbait berezia zela. Bagenekien, oraingoz atseden bat hartuko dugula. Ez nuke tremendista jarri nahi, baina inork ez daki noiz izango den hurrengo kontzertua, edo kontzerturik egongo den ere…

Erlaxatuta ere sentituko zineten.

Bi urtez ibili gara diskoarekin batera eta bestera. Ez genuen espero hainbeste denbora irautea. Nahita nahiez nekatu egiten zara. Eta erlaxamendu moduko bat ere sentitu dugu. Baina erlaxatzeak berekin dakartza alboko kalteak. Galga golpe handi baten tankerako zerbait da. Sentipen arraroa ere bada. Lehen bagenekin luze gabe beste kontzertu bat zegoela, orain ez dago ezer.

Hainbat urtez geldi egon ondoren, eta aldaketa dezente egin ostean argitaratu zenuten Ezlekuak, 2007an. Eta ekin zenioten kontzertuak eskaintzeari. Nola moldatu zarete?

Oso esperientzia positiboa izan da guztiontzat. Hasieran lan zaila izan zen, batez ere zuzenean jotzea. Aldaketetara moldatu behar izan genuelako. Lehen sei-zazpi kontzertuetan pixkana-pixkana joan ginen, eta iritsi zen une bat zeinetan konfiantza osoz jotzen hasi ginen.

Lisabök hor jotzen du goia. Denen arteko sinbiosi indarrarekin eta zuzenean.

Guk normalean kontzertuetan ez dugu ondo jotzen. Ez dugu oso teknika ona. Eta, baldin badugu, ez dugu bereziki kontzertuetan erakusten. Beste kontu batzuei ematen diegu garrantzi handiagoa. Iritsi zen une bat konfiantza osoarekin jotzen genuela, eta gertatu beharrekoa gertatzeari uzten geniona. Une horretatik aurrera pentsatzen genuen: «Ea zer gertatzen den gaur». Ez nuke esango zeremonia bat denik, baina badauka zerbait…

Erritualetik?

Bai, bai. Ez zait gustatzen hainbesteko garrantzia ematea , edo halako kontzeptuak erabiltzea zuzeneko kontzertuak definitzeko. Baina erritu hitza ondo datorkit kontzeptua azaltzeko. Katarsi moduko bat izaten dira.

Ziklo baten amaieraz hitz egin duzu. Zein lekutan edo ezlekutan zaudete gaur egun?

Bada, ez dakit ondo. Kontzertuaz geroztik ez dugu ia hitz egin, ez kontzertuaz, ez ezeri buruz. Ez dakit ezleku bat den hau, baina bada ziurtasunik gabeko eremu bat. Orain, akaso, ez da pentsatzeko unea, baizik eta atseden hartu eta haizatzekoa.

Asmo jakinik gabeko atsedenaldia da ala ondo pentsatua?

Ez genuen uste hainbeste kontzertu eskainiko genuenik. Eskaini ditugu eta ederki, baina iaz erabaki genuen amaitu beharra zegoela, ez duela zentzurik etengabe disko berarekin aritzeak. Beraz, asmoa da geratzea, eta ikustea zer datorren. Gogoa badugu egingo dugu zerbait berriro ere. Niretzat sekulako izan da azken diskoa egitea eta zuzenean aritu garen bezala aritzea. Denontzat oso urte zaila izan ziren aurrekoa, eta hau dena aurrera eramatea izan da zailena eta garrantzitsuena. Eta orain, onerako zein txarrerako, lasaitasun une batean gaude. Genuen beharra asetu dugu, eta ikusiko dugu. Atsedenaldia onerako izango dela uste dut, denak oso kontent gaudelako. Ez da egon kontzertu bakar bat ere eman behar ez genuela pentsatu dugunik.

Bai euskal Herrian, bai eta hemendik kanpo ere, Lisabök ospe berezi bat lortu du. Zenbaitentzat kultuko talde ere bazarete. Zer sentitzen duzue halakoak entzutean?

Laudorioak entzutea beti da gozoa, baina bestalde, halakoak gurekin ez doazela iruditzen zait. Ez dakigu ondo zeren araberakoa izaten den hori.

Duzuen jarrera eta soinu identifikagarri bat lortu izana, akaso?

Bai, agian, gaur egun badugu zerbait identifikatzen gaituena. Hasieran beti lotzen zaituzte beste zerbaitekin, denok ditugulako gure erreferenteak. Eta hasiera batean Dut-ekin lotzen gintuzten akaso, neurri handi batean gure erreferente zirelako. Baina, denbora pasa da, eta igual bai lortu dugu identifika gaitzaten.

Bidehuts kolektiboa sortu zenuten Inoren Ero Ni eta Anarirekin batera, zuen gauzak argitaratzeko. Horrekin segituko duzue?

Sortu genuen, behar hori sentitu genuelako eta lehenagotik genuen asmo bat zelako. Lehen maketa atera genuenetik argi genuen ahal den heinean gauzak geure kabuz egin nahi genituela. Bai Esan Ozenkirekin bai Metak-ekin lan egin genuenean horrela izan zen. Eta testuinguru egokia gertatu zitzaigun Bidehuts sortzeko. Eskaintza batzuk bagenituen, askoz ere erosoagoak gainera, eta Bidehuts ez zegoen egina. Baina nahiago genuen gauzak gaizki egin, baina gure kabuz egin. Lan handia da, baina bete egiten zaitu. Eta jarraituko dugu horretan bai. Kolektiboa osatu genuenean bakoitzak bazuen bere kontzepzioa, baina pixkanaka bere kabuz eginez joan da proiektua. Ziur aski, ez dugulako baldintza berezirik, ez dagoelako erlijiorik kolektiboan.

Binilo txiki bat atera berri duzue, Inoren Ero Ni eta Lisabören abesti banarekin. Errentagarritasunari begira ez zenuten egingo, behintzat?

Betidanik gustatu zaizkigu horrelako lanak, diskoak, oparitxoak… Neurri batean da, beste musikari batzuk niri egitea gustatuko litzaidakeena, ni neuk egitea. Eta, egia esateko, buruhauste handi bat da hori egitea; kartoizko kutxatxoa atontzea… Eta oso garestia da, gainera, baina nahi genuen egin, eta egin dugu. Bidehutsen lehen argitalpena izan behar zuen honek, baina eskerrak aurretik beste gauza batzuk atera ditugun.

Musika industria hilik dagoela esan izan du azkenaldian batek baino gehiagok. Baina, sortzaileak diren bitartean…

Beti dago modurik aurrera egiteko. Eta guretzat errazagoa da hala. Gu ez gaude oso sarturik industria horretan. Undergroundetik bizitzea zaila da modu batean, baina erraza da beste modu batean. Gure salmentak beti izan dira oso txikiak; beraz, ez dugu asko galtzeko. Gainera abantaila bat badugu. Gure publikoa nahikoa fidela da. Beraz gure proposamenarekin aurrera egin genezake. Gure formula aurkitu dugu, eta bide horretatik jarraituko dugu.

Aro digitalak eta Internetek gauzak erraztu dituzte zentzu batean, baina dena ez da izango urre koloreko. Esaterako, zaila da egun egiten denari kontu egitea.

Bai, aro berri honen bigarren ondorioa da hori. Hasiera batean izan zen boom bat: «dena zuk egin dezakezu». Bai, egia da. Esaterako, myspace-rekin denak liluratuta daude. Eta bai, oso ondo dago, baina nahiko ausazkoa da. Eta oso zaila egiten da dena jarraitzea edo kalitate bermeak topatzea.

Advertisements
No comments yet

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: