Skip to content

Berlingo Harresia eta Ihes Ederra

2009/11/09

BERLINGO HARRESIA ETA IHES EDERRA (edo azal baten azalpena)

IHES EDERRAren azala:

IhesEderraAlain M. Urrutia eta biok IHES EDERRA [Alberdania 2009] irudi-eleberria karrikaratu dugu urriaren 12an. Jendartean aurkeztu ostean, komunikabideetan, sarri eskatu zaizkigu egindako hautuen inguruko azalpenak. Azpimarratu nahi dut, liburuaren exegesigileak ez lukeela autorea izan behar, gurasokeria ekiditeko lehenik, eta liburua ez mugatzeko bigarrenik (saiakera edo manualen kasuan salbu), hala balitz ikuspegi-aniztasuna mugatuko bailitzake. Beraz, segidan egingo dudana ez  bedi irakurria izan liburuaren azalpena bailitzan. Ez da bertako edukiaren eta estetikaren justifikapena, nahiz eta, liburuaren azalaren arrazoitze modukoa den, eta horren aitzakian komunikabide nagusiek urtemuga baten (Berlingo harresiaren erortzea)  trataeraren inguruko gogoeta egiten dudan.

PALAST DER REPUBLIK [1976-2006/2009]

Historiazaleek, ezkertiarrek, antikomunistek, Berlinen duela urte batzuk izan direnek; jende ezberdinak identifikatu du azalean den eraikina. Heinz Graffunder izan zen arkitektu-buru eta berarekin aritu ziren Karl-Ernst Swora, Wolf-Rüdiger Eisentraut, Günter Kunert, Manfred Prasser eta Heinz Aust.

Spree kanalaren alboan, Unter den Lindenen bukaeran eraiki zuten Errepublikaren Jauregia. “Prusiar militarismoaren eta aristokraziaren aurka” sortua, festagunea, atzerki aretoa, parkea, politikarien tribuna, kontzertu areto erraldoia izan zen. Kultura eta memoriaren gune zituen estatu baten mugan zegoen eraikinean 1000 eta 4500 pertsonen artean sartzen ziren. Erakusketak burutzen ziren, Alemania Demokratikoko eta atzerriko margolari entzutetsuak eta ezezagunak erakutsi ziren han.

2006an Alemania kapitalistako legebiltzarrak Berdeen eta Ezkerreko Aderdiaren ekimenei entzungor egin eta eraistea erabaki zuen ezkertiarren artean ezinegona piztuaz. Amiantoa izanagatik suntsitu nahi zela zabaldu zen hasieran, baina konpontzea erabaki ordez desegitea jo zen irtenbide.

PORNOGRAFIA MEMORIALA

IHES EDERRA Iruñeako Hormiga Atómican aurkeztu genuenean, bertan lagundu gintuen Angel Errok aipatu zuen gizartean nolabaiteko infantilizazioa sumatzen duela. Berdin literaturan zein politikan. Sinplekeria argitasunaren baliokide egin bide digutela.

Azaroaren bederatzia dela eta ale berezi eta erreportaiak ugaritu dira Alemaniako Errepublika Demokratikoaren erorreraren inguruan (DDR). Ezker muturreko prentsan salbu (Ingo Niebel Garan, Itxaro Borda Berrian, Junge Welt, Neues Deutschland) bi joera nabarmendu dira. Ezker muturreko prentsak, bide batez esatearren, ez du zuri ala beltzerako hautua egin, baina galderak egin ditu Perestroikaren inguruan, Valesa eta Gorvatxefi buruz, ekialdearen fagozitatzearen karietara.

Prentsa nagusiaren lehen ikuspegian harresiaren erorreraren ikuspegi arroxa/horia eman da, jende arrunt estereotipotuaren bizitza aldaketak kontatzen dituena, kate sentsazionalistetan hala eman da. Bikote hautsien bizitzak, mugazainenak, mendebaldera edo ekialdera bizitzera joan zirenenak (bigarren adibidea kurioski gutxi azaltzen da). Egoera mingarria (harresiaren kontra zeudenentzat 1989ra artekoa, harresiaren aldekoentzat 1989tik aurrera) bazka egina, ezer berririk ez.

Bigarren jarrera, kate serioagoak omen direnen bertsioa da: komunismoa zen mundu diktatoriala azkenean erori eta askatasunak irabazi du, munduan gizaki oro da eskubideen subjektu kapitalismoari esker islamiar hiltzaileak iritsi zaizkigun arte. Arribismoa, manipulazioa, gizaeskubidekeria, gezurra. Gezurra agerikoen Sarkozyk idatzi duena, bere burua Azaroaren 9an Berlinen mailutxoarekin jarriaz (egun batzuk beranduago joan zela diote Libération eta le Mondek).

Beste gaiekin sarri egiten da pornografia memoriala, gertu ditugu adibide asko esaten dutenak “frankismoaren aurka borrokatu zutela” eta horregatik borrokatzen dutela egun “euskal nazionalismoa” baina demostratu beharko balute frankismoa nola borrokatu zuten erridikulu xamarra izango litzateke, ziurrenik otsailaren 23an goxo-goxo zeuden sofan ongi zekitelako haiek antolatutako estatu kolpeak ez zuela luzera joko. Trantsizioari buruz zenbat pornografia. Frankismoari buruz, Gerra Zibila, Amerikako Inbasioa, Irakeko Gerra, Jugoslabiakoa, Judutar Holokaustoa. Manipulazioa eta irakurketa interesatuak nonahi, gurean ere bai.

ETB den ezdeustasun informatiboan bereziki barregarria egin da Asier Odriozola bidali berezia gaiari buruz ematen ari den ikuspegia. Ez dakit ETBk FOXen antiezkertiartasunera joko duen edo PRISA-sozialdemokraziari hobe egokitzen zaion antikomunismo primariora. Zalantza litzateke Odriozolak gaiaz ez dakielako men egiten dion gailendu den diskurtsoari edo hautu kontzientea den. Bigarren aukera bada berea chapeau, lehena bada hobe luke beste zerbaitetan eman denbora. AED eta SESBen erorrera, sorrera eta existentzia zinez konplexuak diren jazoera historikoak izaki, ezin dira pareko arinkeriaz aztertu. Lerrokatze ideologikoaren beste adibidea ETB 2k, garai batean kalitatezko saioa zen, Mundo.hoyn azaroaren 8an emaniko El muro de Berlín: archivos desclasificados.

HIPOTESI KOMUNISTA, MAITASUN HIPOTESIA

Memoria etengabe lantzen da, kontu sikiatrikoengatik lehenik, informazio batzuk betiko ezabatzen dira, beste batzuk finkatu, eta eraldatu gehien gehienak pentsatzen eta kontatzen ditugun uneoro. Gai honi buruz, alderdi antropologikoan Marvin Harrisek [Theories of Culture in Postmodern Times 1989] eta historikoan Eric J.Hobsbawmek [The Invention of Tradition, AA, 1983] zehaztasunez eta adibide konkretuekin azaldu dute nola berrosatzen dugun gure bizitza bera, dugun ideologia, morala, gauzen gaineko ikuskera, pertsonekikoa, eta, nola ez, historia. Batzuek ezinbestean nahiko modu drastikoan egin ere.

1989ko azaroaren 9an ordea ez zen harresi bat soilik erori, mundu oso bat desagerrarazi nahi izan zen. Dena erosi daitekeela uste dutenentzat motelegi joan da hau dena suertatzen. Gaur egungo Alemaniako mapa elektorala ikustea besterik ez dago Ezkerreko Alderdiak emaitza hoberen lortzen dituen eremua AED zegon hori bera dela.

DIELINKE

Horren gaizki, horren zapaldurik zeuden horiek kapitalismoari lehenago zuten gizarte sistemaren errezetak eskatzen dituzte orain. Duela 10 urte esaterik zegoen nOstalgiarengatik zela hori, baina AED ezagutu ez zuten eta komunista bozkatzen duten horiei zer die proposatzekoa Alemania kapitalistak. Zer proposatuko die beraien egunerokoa Alemania Federaletik kanpo, merkatu librearen Alemaniaren kontra, antolatzen diren autonomoei.

Luma zorrotzeko historialariek badakite AED izan dela historiako Alematar herrialde antifaxista bakarra, bitartean bere mendebaldeko aizpak militar naziak eta enpresaburu hitlerdarrak demokraziara birziklatzen zituen horretan, Ulrike Meinhof, Andreas Baader, Gudrun Ensslin, Jan-Carl Raspe eta besteeri bizia kendu zieten Stammheinen. Alemaniar Errepublika Federala, AEBen kolonia ekonomiko eta kulturala, burgesiak gidatutako estatua, katolikotasunaren eskizofrenia berriz Alemanian sustraitzen ahalegindu zen burujabetzarik gabeko errepublika.

Bitartean AEDa hipotesi komunistan aritu zen lanean. Alain Badiou filosofoak aurten argitaratu duen Hipotesi Komunistan [L’hypothèse communiste, 2009] aipatzen den ideia nagusi horrekin: ez ardura oraino suertatu diren ezbeharrak, gizarte ezberdintasunak desagerrarazteko bidea hipotesi komunista gauzatzean datza. Horretan ahalegindu ziren Bertolt Brecht bera AEDn, edo Angela Davis AEBtan, beste hainbatetan Rosa Luxemburgo edo Kar Liebnecht bezala. Erich Höeneckerek, AEDko azken lehendakariak, bere azken idazkietan [Notas desde la cárcel, 2008] azaltzen zuen, estatu lanetan aritu ziren horiek nola lortu zuten lehenik hiritar orok etxebizitza eskubidea izatea, eta hiritar bakoitzaren metro koadroak nola joan ziren hazten 1949tik 1989ra. Mendebaldetar alemanek sarri galdetu ohi dute “zer nahiago duzu Mercedesa edo Trabia (AEDan kotxe arrunta zena)?”, tira, galderan bertan dago erantzuna, “zer nahiago duzu zuk Mercedesa izan eta inguruan lauk deus ez izatea edo bostok Trabia izatea?”. Gosez ez zen jendea hiltzen AEDn. Analfabetoak desagertu ziren, unibertsitate ikasketak zituztenak gehienak ziren (%50 emakumeak, 1980an munduan 8 herrialdetan zen hala, AEB, Kanada eta beste sei herrialde komunista, tartean AED eta Bulgaria). Sexu askatasuna, dibortzioa, antikontzeptiboak denen eskura mendebaldean baina 30 urte lehenako, abortatzeko eskubidea, bigarren harremanak publikoki eta lotxarik gabe izateko aukera, masturbazioaren demonizazioaren aurkako kanpainak, nudismoa hondartzetan. Ekialdeko Alemanian hipotesi komunista lurperatzean, ez zen soilik bandera bat desagertu, ez zen irakaskuntza lan-merkatura soilik bidali, langabezia hazi, arrazakeria ideologi moduan eta praktikan areagotu, bakearen aldeko hautua deuseztu. Egun Alemania potentzia militarra izatea ahalbidetu zen, Afganistana hiltzera joateko gero.

Alain Badiouk dio maitasuna binaka eginiko komunismoa dela. Eta sortzen den mundu-ikuskera berri hori mantentzeko ahalegina egin behar dela amaieraraino. Maitasunean eta iraultzan hildakoak daude, iraultzak gehiago hiltzen du taldean eginagatik. Maitasunean mundua sortzen da, dena “ez den bezala ikusten da” Nietzscheren hitzetan. Iraultzak itsutzen du, iraultza asmakuntza da, praktika, beldurra, mina, ahalegina, helburuak nahi bezain arin ez eskuratzea.

Leipzigen eta Berlinen, Ljubljanan eta Budapesten karrikaratu ziren manifestariek ez zuten harresiaren erorrera eskatzen komunikabideek hala azaldu nahi badute ere, “giza aurpegidun sozialismoa” eskatzen zuten. Ez zuten kapitalismorik nahi (BBCek egin inkestan [09.11.2009] Errusiarren %77ak eta Ukrainarren %75ak ekonomiaren kontrol zentralizatuaren alde egiten du), arazoak zituen sistem hori -sozialismoa- eraldatu nahi zuten, hala dio lagun handiaren “betiereko iraultzak”. Bikoteek ere hutsuneak dituzte, eta maitasunaren eguneroko paradisuan, eguneroko minean sinisten dugunok tematzen gara eta tematuko mundua eraldatzen. Lan finkoa eta soldata duina izatearen lasaitasuna galdu zuten miloika biztanlek 1989an, beraien burua esplotatu eta merkantzia izateko askatasuna erdietsi, hezkuntza parekide eta doakoa joan zitzaien eskutik, klaserik gabeko gizartean bizitzeari utzi zioten, kultura ez zen berriro haien eskuetara egongo, ezta kirola praktikatu edo ikustea. Lasaitasuna, bakea du gorroto merkatuak. Orain berlindar gaztea aske da 20 kiloko tramankulua soinean eramateko saltxitxak salduz kalean, barregarria gelditzea da demokrazia burgesa, eta egunean bi saltxitxa zikin jateko eskubidea (bio nahi duenak soldata laukoitza izan dezala).

Baina hauteskundeetan soilik ez, egunerokoan, aukera berdintasunen alde lanean jarraituko du askok luze. Akatsak bazituen AEDk, izango zuen ziurrenik amiantoa Errepublikaren Jauregiak, baina hain argi, ume ergelei bezala historia kontatzen zaigunean, zalantzak sortzen zaizkit, eta zer egingo diogu, galtzaileek, gaizkile direla esaten direnek elkartasun primarioa sortzen didate. Argazki zahar horitua jarri diogu azalean IHES EDERRAri, izan zitekeen eta kapitalak oraingoz eraitsi duen kultura eta eztabaidaren guneari.

Esana du Rosak:

Die Revolution sagt:

ich war

ich bin

ich werde sein

Hedoi Etxarte 2009.11.09

UMPS [spartakus ukronisten]

Advertisements
11 iruzkin leave one →
  1. Iban Zaldua permalink
    2009/11/10 12:19 am

    Esaten dituzun gauza askorekin ados nagoen arren, kontutxo pare bat. Niri ez zait iruditzen AED “klaserik gabeko gizartea” zenik. Desberdintasun ekonomikoak murriztu zirela esatea zehatzagoa litzateke. Baina ez ziren desagertu, ezta produkzio bideen gaineko kontrola nomenklaturaren aldetik ere. Beste kontu bat da ondoren etorri denak desberdintasunak handitu dituela. Baina klaseak, egon, bazeuden.
    Bestetik, inpresioa daukat ezin dela ahaztu, halako analisi batean, askatasun formalen (burgesen, nahi baduzu) faltaren auzi guztia, besteak beste muga bat igarotzearena (kapitalismoak herrialde azpigaratuekin praktikatzen jarraitzen duena, noski: zeinagatik salagarria baita), eta erregimenaren errepresio guztia. Ziur nago ekialde komunistan bizi izandago jende gehienak, ekonomia zentralizatuago bat ez dakit, baina nahiago duela ekonomia sozialago bat, oraingo neokapitalismoa baino. Baina ziur nago, halaber (edo nahiko ziur, behintzat) inork ez lukeela nahi atzera egitea “askatasun formalen” (edo nahiago baduzu, burgesen) alorrean.
    Azkenik, simulakroarena. Irakurri dudanagatik, irudipena daukat ekialdeko erregimen kolektibista-estatalistak gehien higatu zuen kontuetako bat diskurtso ofizialaren eta egitate kotidianoen arteko leize gero eta handiagoa izan zela. Leize hori, jakina, handia da orobat mundu kapitalistan, baina desberdintasun batekin: hemen haren kontra jo daiteke (gutxi, benetako eraginik ez duten guneetatik, ados; koartada bezala, nahi bada), eta horrek jasangarriago egiten du tarte hori, hein batean behintzat. Amets komunistan sinestu zuten bizpahiru belaunaldien bultzada amaitu zelarik, leize hori zabalegia bihurtu zen, eta diskurtso ofizialak bertan behera erortzeari ekin zion. Besteak beste.

  2. 2009/11/10 1:21 pm

    testu bikaina hedoirena! eztabaida oso interesgarria da. azkenean, ziuraski mendebaldeko gizarteetan gaitasun haundiagoa dago burbuila sortzeko jendeak bere gizarteaz duen irudian. kapitalismoan askatasuna omen dago: askatasuna kutsatzeko, askatasuna langileak esplotatzeko, askatasuna gaizkia egiteko ondokoari. eten edo leize hori agerikoa zela ziur, baina agian ez zituztelako ondo ikasiak simulakroaren gizarteko teknikak. gustatu zait hedoi-ren testua batezere bere tokian jartzen duelako beste aurpegia: hau da, DDR-k bere aziertuak izan zituen, bere merituak. Horiek dira diskurtso ofizialean galtzen direnak.

  3. joanesapaolaza permalink*
    2009/11/10 6:24 pm

    Elkarrizketa aberasteko tenorean, hona Isaac Rosak Publicon idatzirikoa:

    ¿Vivimos mejor sin el comunismo?

    “Todo lo que nos decían del comunismo era mentira; pero lo peor es que todo lo que nos contaron del capitalismo era verdad” -Chiste popular en los países ex socialistas-

    Que la historia la escriben los vencedores se comprueba de nuevo estos días, con las celebraciones por los veinte años sin muro. Salvo alguna encuesta que muestra la decepción de los ciudadanos del antiguo bloque socialista, echo de menos, entre tanto entusiasmo unánime, un debate a partir de una pregunta elemental: ¿Estamos mejor desde que desapareció el mundo comunista?

    La sola pregunta ya parece sospechosa. Porque si el comunismo murió hace veinte años, lo que no desapareció es el anticomunismo, que marca hoy las conmemoraciones. Lo habitual ante esa pregunta es que, después de tirarte a la cabeza un “libro negro”, te sacudan con otra pregunta: “¿Acaso preferirías vivir en la antigua URSS?”. No, yo no querría. Pero si fuese ruso y la alternativa fuese la actual Rusia, me lo pensaría.

    ¿Ha mejorado la vida en los países ex socialistas? No lo parece, si atendemos a los indicadores y las encuestas. Más bien al contrario: no han dejado de crecer la miseria, la desigualdad, la enfermedad, la inseguridad y la violencia; y a cambio la democracia no ha avanzado mucho. Viven mucho mejor unos pocos, sí, pero la mayoría quiere algo más que libertad para comer, y ni ésta abunda. Aunque siempre pueden consolarse con la versión oficial: la culpa del fracaso es del propio comunismo, no del capitalismo.

    ¿Y a este lado del muro? ¿Estamos mejor? Pues tampoco. No sólo fallaron los sueños de paz y prosperidad eternas. Además perdimos el contrapeso que suponía la existencia del mundo socialista, en tanto que posibilidad. Sin él, los Estados no ven tan necesario asegurar bienestar y empleo, ni avanzar en unos derechos y una libertad que ya no tienen espejo en que mirarse.

    [ http://blogs.publico.es/trabajarcansa/2009/11/10/%C2%BFvivimos-mejor-sin-el-comunismo/ ]
    [hedoi etxarte]

  4. Iban Zaldua permalink
    2009/11/10 6:35 pm

    Bai, oso ondo dago, eta bat egiten dut Rosarekin; bera da, Reig kaleratu ostean, Públicon geratu den zutabegilerik onena, ziurrenik.

    Izan ere, Hobsbawmek aditzera ematen zuen bezala, ziurrenik mundu komunistaren onurarik handienak mendebaldeko langilegoak jaso zituen, II. Mundu Gerraren osteko urteetan: langileen ongizatea hobetu behar izan zen “tentazio komunista” gehiegi gara ez zedin.

    Oso interesgarria ere hasierako txistea. “Komunismoari buruz esaten ziguten guztia gezurra zen”, erregimen haien simulakro mailari buruz aipatzen nuenarekin lotu daitekeena, hein batean behintzat.

  5. 2009/11/11 6:01 am

    Jugoslavia ezagutu nuen, turismo merkea eginez, “komunismoaren” (¿?) domino fitxak erori eta berehala, eta Balkanetako gerra gertatu baino lehentxoago. Sobietar Batasuna ezagutzeko, irakurri nuen lehen liburua (1981an-edo irakurriko nuen) Aleksandr Solzhenitsynren triste hura izan zen. Laurogeigarren hamarkako, udetan, Radio Tirana eta Radio Moscú espainolez genekienontzat egiten zuten propaganda merkea, SWn (uhin motzean), entzuten lokartzen nintzen askotan. Txinari buruz dakidan apurra Amnesty Internationalen urteroko txostenetatik ikasi dut…

    Komunismoaren onuretan fedea galdu nuen eskuratu baino lehen baina daukagun sistema ekonomikoa ezinbestekoa denik sinistera ere ez gara lerratuko…

    Zein izango da hurrengo iraultza, GBE-NER?

  6. 2009/11/11 6:25 am

    Off-topic.
    Iban, goiko zure iruzkin horren bidez jakin dut Rafael Reigek ez duela Publicon dagoeneko idazten. Bere artikuluak RSS baten bidez oso gustura irakurtzen nituen baina oraindik konturatu ez…

    Kaleratu? Publicokoek bere lumarik zorrotzena kaleratu? Ezkerretakoa izateko bokazioa duen egunkari batek langile finak kaleratzen? Zer ote, ERE bat, Del Olmo, Marlaska, Audiencia Nacionala?

    Erantzuna topatzen ibili naiz.

    http://www.hotelkafka.com/blogs/rafael_reig/2009/11/ya-no-escribo-en-publico/
    http://estetica-de-la-maquina.blogspot.com/2009/11/rafael-reig-deja-el-diario-publico.html

  7. joanesapaolaza permalink*
    2009/11/11 10:31 am

    AINGERU EPALTZA eta IRATI ELORRIETAren iritziak hemen, bakoitza bide ezberdinetik:

    Berlin

    Aingeru Epaltza / Noticias de Navarra

    Günter Grass idazle alemaniarrak Nire mendea izeneko ipuin liburua argitaratu zuen 1999an. Ehun kontakizun labur, guztira, XX. mendeko urte bakoitzeko bat. 1989koari dagokiona ez da bertzea baino luzeagoa. Honela du amaiera: «Izan ere, nolabait, bizitzak jarraitzen zuen». Hedabide batzuei kasu egitera, atzoko egunarekin, ongiak gaizkia garaitu zuen, duela 20 urte, Berlingo murrua erortzean. Bertze muturrean, denok ezagutzen ditugu atzokoa dolu eguntzat duten lagunak; ez dira noski hain guti gure euskal mundu bere(i)xian. Osasungarriagoa litzaiguke Danzig-eko nobel saridunaren eszeptizismoa geure egitea: mundua ez zen besta 1989ko azaroaren 9aren aitzin, baina hortik goitikoek ez dute paradisu bilakatu. Horrek ez dio, hala ere, erabakigarritasunik kentzen atzoko datari. Deitoratzekoak nahiz ospatzekoak, azken bi hamarkadatan gure zangopeko lur hau inarrosi duten gertakari gehienek hartan dute oinarri. Bloke komunistan nahiz kapitalistan, urtebete lehenago eroetxean sartuko zuten «babes murruaren» suntsipena iragartzen zuena. Halaxe oroitarazi digute 20. urteurren honen harira. Bertze kontu bat, nabarmentzekoa: kasualitatearen eragina Berlingo ekialdeko auzo guztietatik Brandenburgoko ateraino jendetza ekarrarazi zuten gertakarien katean. Itxuraz, Errepublika Demokratikoko bigarren mailako politikari baten zalantzak zorabiatzerainoko abiadura eragin zion gure planetaren historiari. Geroztik halaxe baitugu, xirimola batean, II. Mundu Gerlaren ondoko mundu zurrun eta egonkorra. «Sozialismo errealaren» mendeko herrietakoa ez da duela bi hamarkada heriotza-agiria jaso zuen sistema bakarra. Kapitalismoaren nola-halako onurak bizi genituenendako ere gauzak ez dira berdinak izan. Duela 20 urte, ustekabea, ezegonkortasuna eta segurtasun eza sartu zen bat-batean gure bizitzan. Gauza berriak sortzeko baldintzarik hoberenak. Nik nahiago dut mundu hau, 1989ko azaroaren 8koa baino.

    Irati Elorrieta/ Berria

    Bi tontor

    Berlinen bizi den Flix marrazkilariak eguneroko gertakizunetan oinarritutako istorioz osatutako hainbat liburu argitaratu ditu. Azkena: Hor bazen zer edo zer… Zertaz gogoratzen da banatutako Alemanian gaurko Alemania elkartuan bezainbeste urtez bizi izan zen belaunaldia? Harresiaren erorketaren urteurrena dela eta, bere buruari eta bere lagunei egindako galdera honen erantzunekin osatu du liburu berria. Kontakizunetako bat aukeratu dut:

    Meikeren gurasoak kokoteraino zeuden estatu sistema polizial eta kapitalistan bizitzearekin. Bost urte izango zituen berak. Maletak egin eta alboko estatu sozialistara bizitzera joan ziren. Entzuna zuten, leku ona zela umedun familientzat. Aitak industrian lan egiten zuen eta amak erizain. Bizitokiz aldatu baino lehen egiten zuten bezala, aitak goizeko txandan, amak gauekoan. Bata lanetik heltzean etxetik irtengo denari muxu emateko denbora juxtuarekin. Paradisua beste modu batera irudikatu zuten Meikeren gurasoek.

    Aitak, batez ere, ez zuen bere iritzia isiltzen. Enpresako trebakuntza ikastaro deitzen zioten batera joan behar izan zuen. Denbora luzez egon zen kanpoan. Itzuli zenean, kexatzeari utzi zion. Soilik behin, Meikerekin egiten zituen bizikleta-irtenaldi haietako batean, istorio bat kontatu zion: «12 urtez lozorroan egon ondoren, jainkoa esnatu zenean, bakartokira joan zen. Bertan bi tontor lodi eta eder egin zituen. Batekin AEFari eman zion forma eta bestearekin AEDari. Eta batek begiak ixten dituenean, bietan sentitu daiteke ondo». Gero isildu egin zen.

  8. Iban Zaldua permalink
    2009/11/11 7:10 pm

    Kontra egiteagatik pixka bat (beti bezala), Belen Altunaren zutabe elpaistar bat:

    http://www.elpais.com/articulo/pais/vasco/Comunismo/elpepuespvas/20091111elpvas_16/Tes

  9. 2009/11/12 6:35 pm

    Interesgarria,
    domaia da nola sortzen zaion Altunari antikomunismo landugabea eta zifrak ematen hasten den, horren finki zuen idatzi Euskaldun Fededun [Alberdania]. Baina katolizismoa eta komunismoarekin duen zorroztasun hori, antza, ahaztu egiten zaio kapitalaz eta sozialdemokraziaz mintzatzean.
    Gainera, oso modu berexian egiten ditu matematikak Belenek. Uste nuen hemen eztabaida sistema ekonomikoei buruzkoa zela, eta Pinocheten Chile eta Obamaren AEBak biak direla kapitalista (Obamak egunero Iraken eta Afganistanen hiltzen duela gogoratu behar dugu?), De Gaullen Frantzia eta Thatcherren Erresuma Batuaren gisa berdin zela kapitalista Japongo ekonomia II MGan eta Mevdeveven egungo Errusian, ez ahaztearren (neonazi askok uste dutenaren kontra) III.Reicha erabat kapitalista zela.
    Hildakoetan kontuak gainera ez zaizkit ateratzen, sobietar erailak soilik zenbatuaz 26 milioi izan ziren Naziengandik [SESBeko, Jugoslaviako eta Poloniako biztanleen %20a erail zuen kapitalismo alemanak]. I MGko biktima guztiak izan ziren kapitalaren gerrarenak, Dresden EBk bonbardatutakoak erebai, Panama, Nikaragua, …
    tira, hobe dugu zifren lehian ez sartzea, uste dut kapitalismoaren gerrek eta goseek aisaz dutela emaitza zikinagoa. Nahiz eta, Belen Altunak egin ez bezala, ni ez naizen inperialismo baten (sobietarra edo yankee-kapitalista) defentsan hasiko.

    Elkarrizketa aberastearren beraz!

    -MARCOS ROITMAN ROSENMANN La Jornada berripaper mexikarrean:

    “Cuando cayo el Muro de Berlín otros lo remplazaron”
    http://www.jornada.unam.mx/2009/11/12/index.php?section=opinion&article=021a1pol&partner=rss

    -DIEGO GONZÁLEZ Página 12 argentinarrean:

    “El Muro cayó rápido pero llevo años de lucha”
    http://www.pagina12.com.ar/diario/elmundo/4-134902-2009-11-08.html

    -GORKA JULIO Berrian:

    “1984 zoriontsua opa dizuet”
    http://paperekoa.berria.info/agenda/2009-11-12/033/008/1984_zoriontsua_opa_dizuet.htm

    -AGENCIA BOLIVARIANA DE NOTICIASen:

    “Muro de Berlín: 223 muertos. Muro que separa a Los Estados Unidos de México: 5,6 mil muertos”
    http://www.radiomundial.com.ve/yvke/noticia.php?36205

    Eztabaida on!

    Hedoi Etxarte

  10. 2009/11/12 8:17 pm

    1989 aurreko AED nolakoa zen, horri buruz zelako gezurrak esaten diren, komunismoaren “gaiztakeria” medioetan zenbat puzten den, mezua zein manikeoa den… Bai, ados nago. Baina zera egiten zait bitxia: bai botere kapitalistak (barka terminoaren orokorra) eta bai ezkerreko erresistentziak (barka berriro) zenbateko garrantzia ematen dioten iraganaren bataila irabazteari. Matrix bezalakoa da (oraingoan, barka topikotzarra): 2009an gaude, baina auzi politiko-ekonomiko-sozial-… eta abarreko guztiak aurreko mendean agortu zirela dirudi. Gero norbaitek zerua erre zuen, makinek mundua hartu zuten eta orain nor bere kapsulan sartuta iragan errealaren hondakinez osatutako proiekzioa ikusten bizi gara. Batzuk legitimatu egiten dute, besteek kontra egiten diote. Baina fikziozko eztabaida da; asko jota, eztabaida historikoa, eraman dezakeena finkatzera iraganaren bertsio bat edo bestea, baina ez gaurko arazoei erantzuna ematera. Eta esan beharrik ez dago horrek nori egiten dion mesede eta nori kalte.

    Zentzu horretan, oso interesgarria egin zitzaidan duela aste bazuk Slavoj Zizekek Democracy Now-n egin zioten elkarrizketan esan zuena: “Batzuetan ideia arraro eta paranoiko bat dut: beharbada krisi hau fabrikatu egin dutela, jendeak ikus dezan, krisia egonda ere, ezkerrak ez daukala benetako erantzun globalik”.

    PS: Barka erantzun honen doinu “ongiaren-eta-gaizkiaren-gainetik-nago-ze-listoa-naizen” hau, baina saturatu xamar utzi naute murruaren erorketaren kariaz antolatu zeremoniek.

Trackbacks

  1. pRenTsan, sarean eta iRratietan jasotakoa II « Joanes Apaolazaren Bloga

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: