Skip to content

euskal sindikalismoa maritxutu dezagun!

2010/06/02

EUSKAL SINDIKALISMOA MARITXUTU DEZAGUN

Stop gure amerikartzearen europartzeari!


Periferikooi gertatzen zaigu, aurreiritzi pobretuak uranio purutzat ditugu. Eta “gure” operari zartzuela deitzen diogu, Italia, Alemania, Austria eta beste laterrietako puntako musika formak, mitoen aplikazioak eta maitasun subertsiboaren mezuak alboratzen ditugu. Atzerrietako ideia finak gure egitea bikaina da, arazoa da AEBetako film kutreak kultuzkotzat ditugunean (i.e. Scarface, Taxi driver), idazkera automatikoak txunditzen gaituenean Ernst-Freud-Breton tandema ezetsi eta zuzenean beatniketara joaz. Bai, beste aberastasunak gure egitearen alde, bai Chatty Chattyk konta dezala ETAkide batzuen fuga Martutenetik; Jim Morrisonek inspira dezala Mutrikuko popa; Donostialdeako hintxak jantzi daitezela St Paulikoen gisara, eraman dezatela Neguko Jauregira eraman zuten bandera; Mozarten bidetik da Arriaga basatia. Hermann Hesse nidea baina Kerouac laletxe da. Kanta dezagun Ne me quitte pas frantsesik jakin gabe baina Brellek baina patetismo amoroso handiagoarekin.

Bai.

Bai, amerikartu gaitezen, erabat. Ez ditut nahi magrebtar azpi-proletarioak mugikorra topera dutela andrazkoak jazartzen MTVn ikusi bezala, sor ditzatela Chuck D-ren misilak lehenago eta ohartuko dira ez dutela Etsai Publikoek andrea jazartzen. Aurrera kamiseta zabalak! Baina non daude jazz-manak, nork abestuko die 2010eko Fruitu Madarikatuei, nork Boterea Borrokatuko.

Erromatar agurra egin baino lehen Beethovenen bederatzi sinfoniak entzutea etxerako lan. Esbastika tatuatu aurretik Nietzscheren lan guztiak irakurri eta iruzkinduak. Ez dugu behar Irlandak erdietsi zuen independentzia Eddy Rocket’setan ingelesez McDonald’setako zaborra bera eskatzeko. Esan dute Égalité et Réconciliationekoek: “Stop à l’islamisation de notre américanisation”, guk ere ez dugu nahi hallal zabor-janaria, ezta bio zabor-janaria, ezta euzko zabor-janaria. Amerikartu gaitezen, irakur dezagun Adam Smith Susan Georgek egin bezala neoliberalismoa eraisteko, erreferentzia ezberdintasunak ez gaitzala ikara. Amerikartu dezagun gure diskurtso antizapaltzailea, bortizkeria politikoaren aldekoa Hueyk eta Davisek egin bezala, ez soilik itxuran. Bai, Pantera Beltzen estetika modan dago baina nork sartuko ditu pistolak presondegietan? Pantera Beltzen logoa, ile orrazkera eta musika oso da erakargarria, baina zertarako nahi dugu Céline Trotskik bezala ez badugu osoa gure egiten, ez bagara bere arrazakeria ere asumitzeko gai, zertarako maitatu inoren alde infimoa soilik. Nor dago prest musulman egiteko eta Tariq Ramadamen aitari eskutitza idazteko Malcom Xak bezala? Areago, nor dago prest islamiarra egiteko eta alde batera uzteko teterietako fartsa kulturala?

Amerikartu gaitezen eta goazen Boliviara Tamara Bunke “Tania”rekin masakratuak izatera, utz ditzagun simulakro hauek guztiak, amerikartu gaitezen Che Guevara bezala, biak behar ditugu kamisetak eta pertsonak. Zer da hau Alemaniako 80 hamardako egunkari hori, sandinistentzako armak erostera deitzeko bono-laguntzak zituena eta egun inperialismo berdearen egunerokoa dena? Utz diezaiogun betiereko turistak izateari, gure bizilekuetan ere turoperadoreen paketeak kontsumitzeari. Utz diezaiogun, Zizekek hala eskatzen digulako bakarrik bada ere, zinikoak izateari besteen berezitasun kulturalak gustatzen zaizkigula esatean, prest al gaude osoki gure egiteko? Edo honek guztiak Kusturitzaren film etnofolkia behar du izan. Tribua gustatzen zaigu baina ez gaitzala inork eskarifika. Flamenkoa gustatzen bazaigu laket dezagun ondoko kaleko ijitoen usaina eta heroina.

Maritxutu dezagun euskal sindikalismoa!

Euskal sindikalismoak mundu guztiko proletarioak eta trabestiak behar ditu. Maritxu eta operarioak, kognitariatuko neskazaleak, borroka bai jaia ere bai! Eta Intxortan fusilekin eskusoinuak zeuden eta gaur ere behar ditugu hauspoak, trikitiak, bafleak, 80ko hamarkadako punk-rock txarra, 90eko disco-popa, soula eta walkiriak kapitala eraisteko. Ezin dugu beste greba bat jasan musika izango duten kamioirik gabe, dantzatzen dun gerri bat ez da inoiz hilko, Atenasek Esparta garaituko du.  Xalala abestuko dizuegu biluzik:

Komenientziazko amerikartzearen antidoto hoberentzat dut erabateko amerikartzea. Ez ditut nahi adibide gisa Parisko burges homosexual amerikartuak. Ez dut nahi postporno edulkoraturik, Judith Butler jasangaitza nahi dut, ehuneko ehunean, entzun nahi ditut bere sei esaldiak “edalontzi” hitza esan ezin duelako: “onartuko bagenu konbentzioak dioela gure kulturak ontzi moeta honi -zeina edateko erabili ohi den, oro har ura-…”. Norbait maite dugu biharamuneko ahoko kiratsa jasaten dugunean eta biharamunean hankartea edoskituko geniokeenean. Bai. Dena ala ezer ez hain justu. Turistek oro har ematen dute popatik, garbi utzi didatena San Frantziskoko transmarikabolloek da haiei ere euro-homo-progreek popatik ematen dietela. Euskal Herriak ez du behar queer-sofrito sinplifikaturik, behar ditu Preciado eta behar du Virginie, behar ditu liburuak eta ez aipuak, behar ditu manifestu poetikoak eta ez eslogan kadukatuak. Behar du mamia eta ez pose post-punka.

Entzun nahi dut Hemendik at! topera aurki izanen den greba orokorrean, ikusi nahi ditut tangak, txapelak, mantilak eta txano estremadurarrak dantzan edo harriak botatzen. Bandera horiek guztiak ikusi nahi ditut eta ez kolorea gastatu zaizkien labEla duen sindikalismo mitxelinduna, hay algo aquí que va mal Euskal Herriko langileen sektore puteatuena diren etorkinak langileen manifetan ikusten ez ditudanean, erakusleihoak hausten ez direnean, molotov koktelak egiten ez dakigunean, tuba jotzeko Benjamin deitzen ez dugunean. Honek Fuck Parade globala behar du izan. Zertarako oparitu kondoiak historian txorta gutxien egiten den garaian. Yankeelandiatik datorrena estetizatuz, dena itxura eginaz, dena pastazko betaurrekoekin Aragonen artelanak trafikatuz eta soula irudi hutsa bilakatzen.

Amerikartu dezagun gure belztasuna, gure maritxutasuna; amerikartu dezagun gure sozialismoa eta gure independentzia, amerikartu dezagun gure musika, edo alematartu dezagun edo arabiartu dezagun.  Baina erabat!

Segi dezala dantzaldiak eta norbaitek azal dezala (behingoz) zergatik gelditu den atlantikoan kuirtasunaren diskurtso soziala eta performantzea iritsi den soilik Europa zaharrera.

Je veux ton amour et je veux ta revanche!


Alain M. Urrutia & Hedoi Etxarte M. & M. Joanes Apaolaza

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: